2010-09-28

Mugitzen bagara, mugituko da

Iñaki Soto | Filosofian lizentziatua

Zenbait zirkulutan gaizki ikusia dagoen arren, guztiok ez garela berdinak aldarrikatzea iraultzailea dela uste dut. Demokrazia bere adierarik sakonenean ulertzen dutenek kolektibismoaren defentsa egin behar dute, nire ustez. Baina demokrazia eta kolektibismoa ez dira, ez, gauza bat eta berbera. 

Indibidualismoari kontrajarrita, mesianismoari eta agintaritza bertikalari aurre egiteko planteamendu gisa, kolektibismoa zuzena iruditzen zait, aberasgarria, eta, kudeatzen zaila izan arren, politikoki emankorra. Ikuspuntu politikotik aparte, ordea, «bizitza ona»-ri buruzko ikuspuntu gisa, kolektibismoa arrisku askoren iturri iruditzen zait. Arrisku handiena, zalantzarik gabe, zentzu politikorik ez duten kolektibismoaren irakurketa horiek politizatu nahi izatea. Guztiok berdinak gara esatean «eskubide berberen jabe» ulertu beharrean «guztiok gara igualak» ulertzen duenak, ikuspuntu antropologiko bitxia du, baina, horrez gain, politikoki antzua ere bada. Areago, nire ustez, kaltegarria da. 

Etika eta politika harreman estua duten bi giza jarduera dira, baina jarduera autonomoak dira eta biak berdintzea kaltegarria da bata zein bestearentzat. Politikaren izenean etika bortxatzen denean agerikoa da bientzat sortzen den galera. Kontrako norabidean, ordea, askok eta askok ez dute arazo berbera ikusten, baina niretzat nabarmena da.

Nik argi dut ez ni ez zu, irakurle, ez garela Arnaldo Otegi edo Jose Luis Elkoro. Umiltasuna betebehar militante bat da. Argi dut ere Otegi eta Elkoro ez direla pertsona berbera. Ni bisitatzen ditudan presoek ere badakite beraiek ez direla ez bata ez bestea, eta badakite ere horregatik ez ditudala gutxiago maite. Nire lagunak dira, nire kutunak. Baina maitasunaren eta politikaren arteko harremana agerikoa izan arren, inor ez da ausartzen bata bestera murrizten. Politikagatik sartu zituzten guztiak kartzelara, eta militante politikoak izaten jarraitzen dute, ez merkantzia moral merkea.

«Mugituko da». Hori da Elkororen askatasuna aldarrikatzeko antolatu dituzten ekimenen leloa. Larunbat honetan berdintasuna eskatzen dugun guztiok zita bat dugu Bergaran. Mugitzen bagara, mugituko da.

["Gara", 2010-9-23]

No comments: