2008-05-28

Egin-eko kronikak

Atzera begiratu eta, Eginen osatu nuen bideari begira jarrita, igarotako urteek ematen duten distantziarekin, zirkulu paradoxiko bat agertzen zait, Auzitegi Nazionalean hasi eta amaitzen dena. Salbuespen auzitegi horrek Euskal Herriaren bizitzaren alderdi guztietan duen eragin gero eta astunagoaren sinbolotzat interpreta liteke ia.

Bai, ibilbide luzea, 1984 inguru hartan hasia, Madrildik egindako lehenengo kronikekin, laguntzaile lanetan, eta Topasko presondegiko ziegako ate burdinazkoarekin itxia, oroitzapen hauetan barna murgildurik. Hasieratik, Auzitegi Nazionaleko eginbeharrak bete zuen Madrilen egindako lanaren zati handi bat; nire kalkuluen arabera, gutxi gorabehera 700 epaiketaren informazioak erredaktatu nituen, laburrago edo sakonago, sei urtetan zehar. Horrekin batera, ehunka atxiloketa, torturen salaketa eta zuzeneko lekukotza, zin degizuet; espetxeetan sortzen ziren albisteak, barruko borrokak edota sakabanaketaren justifikazioa, Enrique Mugicak emandako prentsaurreko ahaztezinean; eta beste hainbat informazio zuzenago, errealago, politika horrekin egiazki lortu nahi zenari buruz, Sabin Etxetik hurbilagoko beste iturri batzuetan lortuak.

Baina Auzitegi Nazionaleko eta beste auzitegietako eginkizunak bestelako informazio batzuk ere sortzen zituen, xelebreagoak edo, hala nola Ruiz Mateosek Auzitegitik ihes egin zuenekoa, Polizia lelotutakoaren sudurren aurrean; edo interes politikoek zapuztutako ikerketak, GALi buruzkoak, kasu; Konstituzionalaren sententzia pisuak, edo Auzitegi Goreneko gorabeherak.

Aurrerago, Auzitegian kronista izatetik lekuko izatea egokitu zitzaidan, gure lankide eta adiskide Josu Muguruza hil zuten Alcala hoteleko atentatuaren ondorioz. Azkenean, jakina denez, inputatu, prozesatu eta kondenatu egin ninduten, eta gaur preso naiz. Egin ehundu zuen hari profesional zirraragarri eta suhar baten lanari jarraika.

Auzitegi Nazionalaren jardunak sortutako informazioa, askotan, atxilotu eta preso eramandako pertsonen senide eta lagunekin hurbileko harremana izatera hedatzen zen, zain egon beharreko orduen itomena partekatuz, ostatu hartzeko helbideak eskainiz, eta kañaren bat edo beste, tortilla pintxo eta guzti, Madrilgo auzo herrikoietan, Madrila derrigor egin beharreko bisitetan paseatu ohi ez diren horietan.

Madrilgo berriemailetza, ordea, ez zen kontu juridiko eta errepresiboetara mugatzen; Eginek berak bezala, notiziaren eremu guztiak hartzen zituen. Madrilgo mobidaren urteak izan ziren, eta horiek ez ziren bakarrik Ramoncín edo Alaska, baizik eta NATOren kontrako martxa jendetsuak ere; Enrique de Castro apaizaren lan fina espetxe instituzioaren aurrean –gizonak buru-belarri jarraitzen du preso sozial gazteak defenditzen–; izaera sozialeko edo kulturaleko elkarrizketak; Picassoren Guernica iristea, lehenago Buen Retiroko etxaldean bahituta, eta gaur egun Reina Sofia Museoan; eta, nola ez!, baita futbola ere, urte haietan Athleticek eta Realak jokatu zituen Kopako finalekin. Adituari lagunduz, futbol giro (jator) haren kronikak idatzi nituen.

Eta, jakina, politika. Kongresuko pasilloetan aurrera eta atzera, bilkurei buruzko beste begirada bat, euskal diputatuekiko harremanak –eta Kataluniako eta Galiziatik etorritakoekin egindakoak, eta PSOEkoekin eta IUkoekin, are PPkoekin ere–. Bereziki gogoratzen dut –ezin ahaztu!– Aljerreko elkarrizketen etapa, hainbeste bilera, zurrumurru eta espekulaziorekin, eta informazio delikatuak erantzukizunez tratatzeko jarduera, prozesuaren lehen saiakera hura zainduz.
Bizigarria izan zen, eta eskertzekoa, errealitate sozio-politiko eta judizial horri buruz informatu ahal izatea, informazioaren mami eta muinari beste tonu bat emanez. Kronikak idazteak begirada pertsonala eskatzen du –kritikoa, ironikoa, hurbila, humanoa, sentimentala, kasuaren arabera–, baina horrek ez du esan nahi iritzi artikulu ideologizatu bihurtu behar direla, gaur egun gero eta gehiago gertatzen denez. Eta hori Euskal Herrian areago nozitzen dugu, berez diren errealitateak prentsan aurreiritziaren eta helburu ideologiko –ez informatzaile– jakin baten mesedetan kontatzen direnean.

Saiatu ginen, eta plurala erabiltzen dut Madrilgo ordezkaritzan beste bi pertsona aritu baitziren eginkizun berean, urte haietako kolorea, usaina, soinua transmititzen, Estatu espainiarren bihotz hura transmititzen, zeinean Euskal Herria, gatazka, egiturako odolbildu larri begitantzen zen gero eta gehiago.

Etapa hura Alcala hoteleko atentatua gertatu eta hilabete gutxira amaitu zen; seguruenik berri eman behar izan nuen albisterik gogorrena izan zen, zuzenean bizi izandakoa. Josu Muguruza, militantea, parlamentaria eta pertsona goxoa izateaz gain, Egineko erredaktore burua zen, Euskal Herria atalekoa. Haren heriotzaren ondotik, egunkarian egindako birmoldaketa eta aldaketen testuinguruan, Euskal Herriratu egin nintzen, Bilbon, 1990eko udaberrian. Gainera, Madrilen gertatutakoaren ondotik, eskuin muturraren arriskua benetakoa zen.

Jende berria, egoera desberdinak, bestelako eginkizunak Bilbon egunkariak zeukan ordezkaritzako arduradun gisa. Lan egiteko gogoz, lankideen babesarekin, egunak aurrera zihoazen, informazioz beterik, eta eztabaida askorekin ere, Egin berritzeko prozesua luzea, konplexua eta parte hartzailea izan baitzen. Lan talde haren bizi indarrak, azkenean, Hernaniko egoitza nagusira eraman ninduen, 1991n, egunkaria berritzeko azken fasean bete-betean sarturik (Auzitegi Nazionalak kontuan hartu nahi ere ez duen fasea da, aurrez idatzita duen gidoiari estu lotuta).

Euskadi ataleko buru gisa lehenengo, eta zuzendariorde lanetan gerora, talde bateko parte izanik, orduak eta orduak eman genituen txuri-beltzezko Egin zahar hura izenburua goitik behera zeukan Egin bizi koloretsura eramateko trantsizioan. Gogotik jardunez, lan desberdinak eginez, makina bat buruhausterekin, instituzioen boikotari edo egunkaria sistematikoki seinalatzeari eta antzeko kanpaina “demokratiko” eta “garbiei” aurre eginez (Euskal Herrian bertan zein kanpoan), eta, bitartean, egunkariko kazetarien eskifaia iritzi orriak zabalduz, ahots desberdinei leku eginez, eta informazio orriak ere sakonduz, albisteak hobeto landuta.

Poztasunik ere izan zen, egoera zaila bazen ere. OJDren txostenek gehiago saltzen zela eta hedapena handiagoa zela berresten zuten, eta lanari irudimenez heltzen zitzaion.
Eta etsipenak eta sustoak, 1993an Ertzaintza sartu zenekoa bezalakoa –besarkada bihotzez Pepe Reirentzat–, edo lankideen atxiloketak. Baita ere, ordea, Europako beste komunikabideek gurea bezalako egunkari bati buruz, eta gatazka barruan bizi den herrialde batean, gurean, jokatzen zuen rolari buruz erakutsitako interesa. Europako kamera eta erredaktore ugarik, BBCkoek zein komunikabide libreetakoek, gaur egun hondatzen utzita dagoen Hernaniko Eziago poligonoko eraikina ezagutu zuten, eta Egin zenari buruz Espainiako edozein komunikabidek baino askoz lekukotza egiazkoa eman zuten.

Horretatik ezerk ez, ezta Egin egunetan erakutsitako herri babesaren indar eskergak ere, ezin izan zuten 98/7/15ean Egin bat-batean exekutatzeko hartutako erabaki politikotik salbatu; aldi berean kalbario judizial amaiezina hasi zen Administrazio Kontseiluko kideentzat, Jabier Salutregi zuzendariarentzat eta neronentzat; baita ere, zeharka jasan behar izandako ondorioengatik, 20 urteko bide emankor eta bizia posible izatea ahalbidetu zuen jende zoragarri horrentzat guztiarentzat.

Pertsona eta profesional gisa inbertitu eta irabazi genuena, Eginek kazetaritzaren esperientziari eta euskal gizartearen bilakaera politikoari eta sozialari egindako ekarpena, hura ixteak eta emandako sententziak esan nahi duena, ezabaezina da, eta ezin da euskal kazetaritzaren iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko historiatik bereizi.

Teresa Toda Iglesia, Egineko zuzendariorde ohia,

[Salamancako Topasko espetxean idatzitako testimonioa, 2008ko apirilean]

No comments: