2008-09-03

Herria sentitzen zuen gizona


Xabier Portugal kazetaria eta Pasaiako alkate ohia hil da, gaixotasun baten ondorioz, 56 urterekin


Irune Berro | Berria

Jazzerako zuen zaletasuna zinematik zetorkion Xabier Portugali. «Hein handi batean bai, bederen», Portugalek berak BERRIAn idatzitako artikulu batean azaldu zuenez. Musika eta zinema kritikari baitzen Portugal. Eta irakaslea. Eta Pasaiako alkate eta zinegotzi ohia. Langile fin eta nekaezina, ezagutu zutenek diotenez. Eritasun baten ondorioz, atzo zendu zen Xabier Portugal Arteaga, sorterrian, Pasaian (Gipuzkoa), 56 urte zituela.

Gazte-gaztetatik zituen gogoko Count Basie, Chet Baker, Paul Gonsalves, Dave Brubeck, Ben Webster, Monty Alexander edota Oscar Petersonek zinemarako konposatutako doinuen bertsioak, «jatorrizkoak behin eta berriro entzuteak bere mugak dituela ohartuta». «Musikari handi haien eskuak izan ziren gaztetatik jazzaren magalean murgildu nindutenak, beraien musikak nire ametsak kulunkatzen zituen bitartean».

Basie, Baker, Brubeck eta Websterrekin hasitako bidaiak Euskal Herriko aldizkari eta kazeta ugaritara eraman zuen Portugal. Anaitasuna, Zeruko Argia, Argia, Jakin, Punto y Hora, Egin, Gara eta BERRIAra, besteren artean. Argitalpen horietan musika, zinema, historia eta bestelako gaiei buruzko lan ugari kaleratu zituen.

Donostiako Jazzaldian eta Zinemaldian lagundu zuen, baita Donostiako eta Irungo zinema amateur jaialdietan ere. Epaimahaikide aritu zen luzaro festibal bi horietan, Lekeitioko Euskal Zinemaren Topaketetan egin zuenez.

Euskal Herriko historiari, orobat, ahalegin biziak eskaini zizkion Portugalek. Historia ikertzeari, berreskuratzeari eta dibulgatzeari. Irrika horri jarraiki sortu zuen Pasaia 1931-1939-Zanpatuen Oroimina liburua. Pasaitarren testigantzak jaso eta prentsa artikuluak nahiz artxiboetako dokumentuak arakatu zituen, Pasaian, 1931tik 1939a bitartean izandako gertakari nagusien berri emateko.

Pasaiako Udalak eskatuta osatu zuen Portugalek Pasaia 1931-1939-Zanpatuen Oroimina, eta iragan otsailean argitaratu zuten Sorginarri bildumaren baitan. «Orain arte ezkutuan izan dena azaleratzeko» xedearekin sortutako liburua dela azaldu zuen aurkezpen ekitaldian Portugalek. Gerra galdu zutenak dira obra horren protagonistak. «Ez bereziki goraipatu nahi ditudalako, haien testigantzaren berri eman nahi dudalako baizik», adierazi zuen orduko hartan.

Herrigintzan buru-belarri

Politika eta herrigintza lanerako esparru izan zituen, halaber. Portugalek gorputz eta arima lan egin zuen Pasaiaren alde. 1987. eta 1995. urteen artean alkate izan zen, Herri Batasunarekin. Eta 1999tik 2003ra Kulturako zinegotzi kargua bete zuen, Euskal Herritarrok plataformako hautetsi gisa.

Herriko San Fermin jaien alde ere lan eskerga egin zuen. Horregatik Saltzeroak peƱak Sanferminetako Saltzero nagusi izendatu zuen aurten.

Pasaia-Lezo Lizeoko irakasle eta zuzendari ere izan zen Xabier Portugal, denbora luzez. Baina erretiratua zegoen jada.

Portugalen gorazarrez, dolu eguna ezarri, eta ikurrinak masta erdian jarri dituzte Pasaian. Maider Ziganda alkateak (EAE-ANV) herrikideak eginiko lana gogoratu eta goratu du. «Ez da alferrikakoa izango, denon artean lortuko dugu berak amestutako herria». Zigandaren arabera, «Portugalek herria sentitzen zuen».

Gaur egingo dute haren aldeko hileta elizkizuna, Pasai Antxoko San Fermin parrokian, 19:30ean.

["Berria", 2008-09-03. Argazkia: Judit Fernandez/Argia]

No comments: