2008-09-03

Xabierren oroimina


Fito Rodriguez
| Idazlea

Idazketarako Xuxenen aholkuaren kontra horra aurreko astean esan zidana: oroimina!

Pasaia 1931-1939, zanpatuen oroimina bere azken liburuaren izenburuaz ari zen Xabier Portugal niretzako eskaintza idazten zuen bitartean. Ulertu nuen, noski, nahiz eta bera, niretzat behintzat, zuzentasunaren eredua izan den beti.

Baina, halaber, subertsioa maite zuenez, zinemak, jazzak eta herri hizkerak etengabe sortzen dituen bertsio desberdinak ere maitagarriak izan ohi dira berarentzat.

Bera, bere herrian bezain beste maitaturik.

Azken urte hauetan sasoiaren aurka eraman izan duen borroka, berez kultura orok daraman bera, denbora galduren bila izan delakoan nago, berarentzat denbora-pasak ere ihes doan oraina berreskuratzeko ahalegin bihurtzen baitzen.

Nekatu ahala ahalegindu, zaindu... askotan mindu.

Itsasoa besterik ikusten ez denean lehorra ukatzen duena nabigatzaile eskasa izaten da. Itsas herri baten alkatea izan denak badaki ura eta lurra bereizten eta nori berea ematen.

Berari, bere herriak dagokiona emango dio.

Heriotza itsasoa bezain handia izan daiteke edota ur tanta bezain txikia, baina bustitzen du. Eta zipriztintzen gaitu...

Ez dakit denbora isuri edo agortu egiten den, ukiezina baita.

Ukaezina da, ordea, zure denbora bukatu arren zirtaturik utzi gaituzula.

Zirt edo zart egin behar izan denean beharreko jakinduria, egonarria eta kemena erakusten jakin izan duzulako. Erakaslea bezain erakarlea izan baitzara.

Zu gabe ere ikasle izan dituzunak gogoratzen dira horretaz.

Eta, zurean esan ohi den moduan: gogoratzen dira zurekin.

Eta orain, denok ikasle, hura ere egiten jakin behar izango dugu denok:

zu gaberik, zutaz oroitzen...

Gogoratzen al duzu Alfred Hitchcocken Spellbound hori ?

Ingrid Bergman eta Gregory Peck maiteminduko zirela begi-bistakoa zen pelikularen hasieratik bertatik eta, jakina, hala gertatu zen.

Baina maitatzea eta maitemintzea ezin dira guztiz gauza bera izan, ez da?

Zu gabe oroiminez gaude. Zuk erakutsi zenigun eta.

["Berria", 2008-09-03]

No comments: