2009-01-08

Lanean gelditu zaio bihotza



Argazkia: Gara


Aitziber Laskibar| Berria


Bihotzak ez du gehiago jasan. Lehertu egin zaio. Indarge geratu, eta gelditu egin da. Atzo eguerdian hil zen Jose Ramon Aranguren 18/98ko auzipetua, Iruñean, bihotzekoak jota. 70 urte zituen. Eta bizitzeko gogoa. Hala azaldu zuen, ilusioz, bihotzekoa izan zuen aurreko aldian ospitaletik etxera joan zenean. Hain zuzen, 18/98 auziaren epaiketan murgilduta zegoela eman zion bihotzekoak. 2006ko maiatzaren 6an, oporretan Kanarietan zela.

«Zergatik gertatu zaidan hau?», zioen 2006ko maiatzean, Gara egunkariari eskainitako elkarrizketan, ebakuntzen ondoren oraindik indarberritzen ari zela. «Ez dakit norbaitek erantzun ahal dion horri, baina organikoki gorputza prestatuta badaukazu, ez baduzu ez kolesterolik, ez tentsio alteraziorik, ez osasungarri ez den ohiturarik, eta infartua gertatzen bada, zerbaitegatik izango da».

Iruñeko zinegotzi izana zen, Herri Batasunekoa. Bestalde, 2005eko azaroaren 21etik zegoen 18/98ren epaiketan, akusatuen aulkian. Orain SA atalean inputatu zuten, Egin egunkaria argitaratzen zuen Orain SA enpresaren Administrazio Kontseiluan aritu zela eta. 48 urteko kartzela zigorra eskatua zuen fiskalak Arangurenentzat.

Baina, epaiketaren eten batean oporretan zela bihotzekoa izan eta bi arteriatan kateterismoa egin ondoren, auzitik aparte utzi zuen Aranguren Espainiako Auzitegi Nazionalak, auzipetua erabat sendatu arte ahozko saioa ez etetearren. Aranguren bakarka epaitzea erabaki zuen auzitegiak, eta epaitzeke zuten oraindik.

Oso kezkatuta agertu ziren gainerako auzipetuak Arangurenen osasun egoeraren berri izan zutenean. Eta egoera horrek 18/98 auziarekin lotura zuzena zuela sinetsita zeudela esan zuten. 1998. urtean Egin itxi eta Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurkako auzia abiatu zuenetik epaiketa hasi zuen arte zortzi urte igaroak ziren. Zortzi urte egona zen auzitegiaren begiradapean eta bizimodua baldintzatuta.

Epaiketa hasi eta bihotzekoak eman zion arte pilatutako bidaiek eta tentsioak ere zerikusi handia izan zutela zioten Arangurenen akusatuen aulkiko kideek: «Ia 15.000 kilometro eginak ditugu errepidean. Bidaiak sortzen duen tentsioa eta epaiketak berak sortzen duena pilatzen ari dira eta horrek guztiak eragina du osasunean», esan zuten orduan auzipetuek.

Aranguren epaiketatik apartatu, eta aurrera jarraitu zuen ahozko saioak. Epaiketa amaitu ondoren, 2007ko azaroaren 30ean, 18/98 auzian epaitutako 46 lagun atxilotzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak. Auzitegiak epaia kaleratu gabe zuen oraindik, baina zigortuek ihes ez egiteko neurria zela argudiatuta espetxeratu zituzten atxilotuak. Ordutik, auzipetuen bozemaile lanetan ibili zen Aranguren, Iñigo Elkororekin batera.

Hain zuzen, Aranguren auzitik aparte utzi zutenerako bertatik kanpo utzia zuten Elkoro ere, arrazoi berdintsuengatik. Epaiketa hasi eta gutxira gaixotu, eta ebakuntza egin zioten Elkorori. Bi edo hiru hilabeteko baja beharko zuela jakitean, Elkoro bakarka epaitzea erabaki zuen Angela Murillo buru zuen epaimahaiak. Hortaz, biak aritu ziren 18/98ko auzipetuen bozemaile gisa kideak espetxeratu zituztenean.

Baina azken agerraldi publikoa ez zuen auzipetuen izenean egin Arangurenek. Erretiroa hartuta zegoen iruindarra, eta LAB sindikatuko pentsiodunen alorreko sustatzaileetakoa zen. Sasoia elkarteko kide ere bazen. Erretirodunen taldeko kide. Abenduaren 18an, beste hogei bat jubilaturekin agertu zen hedabideen aurrean. Gaixo dauden presoak askatzearen truke, haien ordez espetxera joateko prest agertu ziren horiek guztiak, publikoki.

Ongi ezagutzen zuen presoen egoera nafarrak. Izan ere, Asier Aranguren semea preso zuen. Parisen dago preso eta bidaia luzeak egiten zituen hura ikusi ahal izateko. Beste seme bat ere utzi du hildakoak: Gaizka Aranguren kazetaria.

Egoera bidegabeen aurka mobilizatzeko deia egina utzi zuen 18/98ko auzipetuak, bera barnean zuen auziari buruz Gara-n egindako elkarrizketan. Auziak irauten zuen bitartean lanean jarraitzeko beharra aldarrikatu zuen; «gertatzen ari denaren berri eman behar da».

Hain zuzen, 18/98 auzia Espainiako Estatuko egiturek «Euskal Herria desagerrarazteko» bidean hartutako neurrietako bat zela sinetsita zegoen. Espainiako Auzitegi Nazionalak Estatuaren «estoldetan» lan handia egiten duela eta «estolda» horien errealitatea ezagutzera eman edo bidegabekeria horien aurka egiten duen edonor isilarazteko tresna dela.

Horregatik zioen epaiketa hura politikoa zela. Ez zegoela hartarako inolako oinarri juridikorik eta zigorra ezartzen ari ziren aparatu horiek ere bazekitela «jarrera zintzo, zuzen eta solidarioen» aurrean zeudela.

Eta harro zegoen jarrera horretaz Aranguren. Areago, 2006an bihotzekoa izan ondoren, lanean jarraitzeko indarberrituta zegoela zioen. Jaso zuen babesak aurrera egiteko indarra eman ziola eta hala egingo zuela.


Elkoro: «Auziko une gogorretan ere beti alai zegoen, eta hori transmititzen zuen»

«Kristoren pertsona zen», esan du Iñigo Elkorok, 18/98ko auzipetuak, Jose Ramon Arangureni buruz galdetutakoan. Hori da ahotan hartu duen lehen hitza. Auzipetu gehienak kartzelatu ostean, Elkorok eta biek hartu zuten auzipetuen bozeramailetzaren lekukoa, gaixotasunagatik epaiketa atzeratu baitzieten biei. «Alaitasuna transmititzen zuen, alaitasun handia. Sekula ez diot aurpegi txar bat ikusi. Auziko une gogorretan ere beti alai, eta alaitasun hori transmititzen zuen». Horrekin batera, uste sakon eta sendoetako pertsona zela nabarmendu du. «Euskal Herriaren etorkizunean eta borrokan zuen konfiantza denoi transmititzen zigun». Beti lanerako prest izaten zela azpimarratu du. Bere osasuna ona ez zela jakinda ere espetxean gaixo dauden presoen truke Arangurenek bere burua eskaintzeak pertsona horren tamaina azaltzen duela nabarmendu du. «Nafar peto-petoa zen», azpimarratu du. Herri honen indarrean konfiantza handia zuela eta burujabetza lortzeko bidea ere argi zuela esan du: «Oinez goaz, oinez jarraituko dugu eta bidea ibiliz egiten da».


["Berria", 2009-01-08]

No comments: