2008-12-03

Durangoko Azokan ere, EGIN gogoan




Hainbat artista, adierazpen askatasunaren alde

Zumeta, Gorriti, Xabier Egaña, Tomas Murua, Guillermo Andonegi, Zuriñe Gredilla, Lamia, Juantxo Egaña, Baroja-Collet, Mikel Campo, Eli Gorostegi, Jon Cazenave, Galder Izagirre, Mikel Valverde, Dani Fano, Mendi, Tasio eta beste astista askok parte hartuko dute EGINeko langile ohi talde batek Durangoko Azokari begira antolatu duen ekimenean.

EGIN eta EGIN Irratia itxi zituzteneko hamargarren urtemuga biribilduko duen ekimen hori benetan berritzailea izango da. Izan ere, stand batean, zenbait argitalpen saltzeaz gain, arestian aipatutako artistek adierazpen askatasunaren alde musu truk eman dizkiguten lanak modu onean eskainiko ditugu. Modu onean diogu, obra gehienak, JATORRIZKOAK, 50 eta 100 euro bitartean eskuratu ahal izango baitira (batzuk garestiagoak izango diren arren, noski).

Nolanahi ere, edozeinek aurkituko du bere poltsikoaren neurriko obrarik. Are gehiago, ekimen honetan nahi duten guztiek parte har dezan, Juan Gorritik marraztutako “Mailopeko lamia”-ren tirada mugatu bat egin dugu, eta aleak oso merke eskuratu ahal izango dira.

Artista batzuek, beren lanak izenpetzen-eta, standean bertan egongo direla ere aurreratu dute. Horietako bat Tasio izango da, hamargaren urtemuga dela-eta, marrazki bikaina egin duena.

Gainera, abenduaren 6an, larunbatean, 12etan, ARTE ENKANTEA izenburuarekin bataiatu dugun ekitaldi berezia egingo dugu Plateruenan. Bertan, jai giroan eta kultur eta kirol alorretako hainbat lagunen babesean, adierazpen askatasuna aldarrikatuko dugu. Ekitaldia herritar guztiei zabalik egongo da.

Albiste honen berri emango bazenute, eskertuko genizueke. Osagarri moduan, Gorritiren “Mailopeko lamia” eta Tasioren marrazkia bidaltzen dizkizuegu.



No comments: