2008-07-15

Adierazpen askatasunaren aldeko auto-karabana

Manifestua

1998ko uztailaren 15a adierazpen askatasunaren kontrako egun seinalatua da Europako historia garaikidean. Egun hartan, orain dela hamar urte justu, ehunka polizia EGIN eta EGIN Irratiko egoitzetara sartu eta, indarraren indarrez, isilarazi zituzten, betiko isilarazi ere. Bide batez, zuzendaritzako hainbat kide eta langile atxilotu zituzten.

Polizia haiek Baltasar Garzon epailearen agindu bat zekarten arren, operazio haren benetako erantzulea Gobernu espainola zen; eta, horren inguruan duda izpirik ez uzteko, handik pixka batera, Jose Maria Aznarren beraren ahotik iritsi zen errebindikazioa. Turkian zela, orduko gobernu-buru espainolak hitz ezin adierazgarriok bota zituen: “¿Acaso creían que no nos íbamos a atrever?”.

Eraso hark 21 urteko informazio ibilbide bati amaiera bortitza eman zion. Ibilbide hark argiak eta ilunak ere izango zituen, jakina, baina, oroz gain, ibilbide oparoa izan zen. EGINek Euskal Herriko komunikabideen mundua arnasberritu zuen. Ez bakarrik ordura arte ezkutuan ziren hainbat errealitate agerian utzi zituelako, baizik eta gainerako komunikabideak ere, frankismoaren anparoan gizendutakoak barne, errealitate horiek nola edo hala azaltzera behartu zituelako.

21 urtez, ahots disidente hura, “ahotsik gabekoen ahotsa”, isilarazteko hamaika saio egin zituzten. Herritarren babesari esker, ordea, saio horien guztien gainetik salto egin zuten EGIN eta EGIN Irratiak… harik eta Gobernu espainola “ausartu” zen arte.

Bere “ausardiaz” harro, nonbait, bide beretik jarraitzea eraki zuen, komunikabideak ixten jarraitzea erabaki zuen, alegia. Horra ARDI BELTZA aldizkaria; eta, EGIN eta EGIN Irratia itxi eta bost urtera, berriz, EGUNKARIAren txanda izan zen.

EGIN eta EGIN Irratiko inputatuak, sasi epaiketa luze baten ondoren, gogor zigortu dituzte. EGUNKARIAkoak, berriz, epaiketaren zain daude eta, orain arte gauzak nola joan diren ikusita, ezin da ezer onik espero. Egin zituzten tortura salaketen aurrean ere ezikusiarena egin dute epaileek.

Gaurko ekitaldi honen bidez, guk, itxitako komunikabide haietako langile ohiok, zigortuei edo zigortzeko arriskua duten guztiei gure elkartasuna azaldu nahi diegu, eta, aldi berean, geure apaltasunetik baina irmo, adierazpen askatasuna errebindikatu nahi dugu. Ahots guztientzat. Izan ere, Botereak entzun nahi duena esateko hainbati aitortzen zaien adierazpen askatasuna ez da adierazpen askatasuna.

EGINeko, EGIN Irratiko eta EGUNKARIAko langile ohiak

No comments: