2008-07-05

Elkartasuna



Argazkia: Jon Urbe


Hitz potoloa omen da elkartasuna. Adierazpen askatasunaren inguruan biltzen den esanguraren parekoa ei dauka. EGIN eta EGIN Irratiarekin egin zuten astakeriaren eskutik ireki zen bidetik abiatu ziren ardi beltzak (eta zuriak eta erdipurdikoak) izparringiak (hau da Egunkaria) eta baita ere pertsonak, ametsak, azpiegiturak, ilusioak, sosak eta zorrak eraman ditu inposaketaren uholde amaigabeak, tamalez, egun bizirik dirauena


Xabier Fernandez, EGINeko kazetaria

Horregatik hamarkada bat pasa ostean eta hainbat gertakizun dela medio, bi zentzazio darabil nire burmuinak, kontraesankorrak jakina, bestela ez lirateke interesgarriak suertatuko. Batetik elkartasuna zein merkea den, zentzurik onenean, eta horren lekuko da sentitu dugun beroa lankide, lagun, senide zein adiskideen magalean, kalitate handikoa gainera, zintzoa, ezeren truke eskainitakoa bihotza eta amorruaren eskutik esku beteka heldu dana.

Bestetik, adierazpen askatasunarekin tematurik dauden hedabideen aldetik heldu ez dana (salbuespenak salbuespen) Gaur egun orden publikoaren arloari dagokion gaira mugatu guran edo dabiltza, epaiketa egin baino lehen eta sasi epaiketa egin eta gero. Eta hedabideen eskutik gu bezain profesionalak diren kazetariak mutu egon dira, adierazpen askatasunaren txartelak banatzeko aukera egongo balitz bezala. Gizajoak, soldata nondik jasotzen duten abiapuntutzat hartuta profesionalagoak direla sinisten dutenak.

Eta eskubide osoz elkarteak osatu dituzte, herrialdekoak, baskongadetakoak eta espainiarrak, berdin zaizkit eta dan danak beste aldera begitu dute eta soilik (ber-)agertu dira hari gehienak maneiatzen dituztenak deitu dituztenean, salagarriak ere izan daitezkeen egoerak salatzeko. Eta agiriak ere, eskubide osoz, irakurri dituzte eta, eskubide osoz, haserretu egin dira. Eta eskubiderik gabe geratu direnak, gu barne, hor konpon.

Aurrekoa gutxi balitz ere, are gehiago ekarri gura dot gogora, baina kasu honetan inolako eskubiderik ez dutela azpimarratuz: EGINen lan egiteagatik askoren ibilbide profesionala zikindu nahi izan dute nonbait, batez ere boterearen itzalpean alferkeria bizimodu bilakatu duten elkartekideek, baina alferrikako lana da gure duintasuna zapuzten saiatzea. Alferrikako lana da arlo askotan, baita kazetaritzan be, Eziagoren itzalpean hazi eta harrotu egin garenok aurrera segitu dugulako, geneukan arma bakarra eskutan: lana profesionaltasunez eta duintasunez, edonon izanda ere, instituzio, hedabide, elkarte, lantegi edota irakaskuntzan, besteak beste, barreiaturik gaude eta. Sakabanaturik, baina gure izaera mantenduz.

Eta izaerari dagokionez, noizko Euskal Herri osoko kazetarien elkarte bat… enparauek egin dutena ez errepikatzeko behintzat? Eskubide osoz, jakina.

Oharra: Ahaztu zait, baina hemendik besarkada bero bat bidali gura diot RSF (Reportieres Sans Fronteres. Prentsa askatasunaren alde omen…) Hala gura izanez gero edukiko lukete lan eskerga gurean… inozo ni!

No comments: