2008-07-13

Azkena

Karmele Elizaran

1- Ohean nengoela lagun batek deitu zidan, ``Egin''en zerbait gertatu zela esateko. Nik orduan irratia piztu, dutxatu eta di-da abiatu nintzen Hernanira. Bidean, ezin nuen sinetsi gertatzen ari zena. Ez nuen sinistu nahi eta errealitaterekin topo egin nuen han. Amorrua, inpotentzia... ezin da deskribatu une horietan sentitzen nuena, «noraino irits daitezke?» galdetzen nion nire buruari. Eziago poligonoan jende mordoa biltzen hasi ginen, langileak, irakurleak, ezker abertzaleko ordezkariak... batzuk negarrez, besteak oihuka. Argi genuen ezin ginela horrela geratu, zulo horretatik atera behar genuela; gertatutakoa gure irakurleei azaldu behar geniela eta, beraz, kioskoan gure tokia izaten jarraitu behar genuela. Horrela hasi zen «Euskadi Información». Egun horietan, langile guztiak geunden lanerako prest, batzuk idazten, beste batzuk batzordetan, pankartak egiten... baina denak ekinean. Oso egun gogorrak eta luzeak izan ziren hasierakoak, baina denak hor geunden.

2- «Egin»en itxiera abiapuntua izan zen, hortik aurrera herri honen, eta bereziki ezker abertzalearen aurka, mila gauza egin dituzte, Euskal Herria zapaltzeko eta ezker abertzalea desagerrarazteko helburuarekin guztiak. Baina nik irakaspenak ere jaso ditut, bai 18/98 auziak bai bestelakoek asko irakatsi didate. Prozesuetatik baino prozesatuengandik ikasi dut, eta niretzat duintasunaren ispilu izan dira. Astero, hilabete luzeetan eta epailearen umiliazioen aurrean burua altxatuz. Malko asko bota ditut haiek ikusiz, eta haiengan ikusi dut ezin izango dutela inoiz herri hau birrindu, ezingo dute Euskal Herria zapaldu. Gainera, esan nahi nuke bai ``Egin'', bai eta Egin Irratia ere Euskal Herriaren historiaren parte oso garrantzitsua izan direla eta betiko izango direla jendearen oroimenean.

["Gara", 2008-7-12]

No comments: