2008-07-13

Aurreneko «zaplaztekoa»



Asteartean beteko dira hamar urte Espainiako Poliziak 'Egin'-en egoitzak itxi eta hainbat lagun atxilotu zituela.

Egun haietan «inpotentzia» sentitu zuten langileek, eta «elkartasun handia» jaso

Oihana Elduaien | Donostia

«Beltzagoa zen beste aro bat irekitzen ari zen» sentipena nagusitu zitzaion Maribi Ugarteburu Egin Irratiko kolaboratzaileari duela hamar urteko uztailaren 15ean. Espainiako Poliziak Egin eta Egin Irratiaren lau egoitza zigilatu zituen eta 11 lagun atxilotu. Bere susmoa «zoritxarrez» bete egin dela dio: «Egin-en atzetik beste hainbat zaplazteko etorri dira». Zuzen-zuzenean jo zion Ugartebururi zaplazteko horietako batek; Udalbiltza auzian auzipetuta dago, epaiketaren zain. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aginduz Egin-en kontra egindako Pertsiana operazioarekin «jauzi bat» eman zuen PPk, Ugartebururen irudiko, «gelditu ez den jauzia».

Irratiz jakin zuen berria, Martin Anso eta Joxerra Bustillo Egin-eko langileek bezala. Berria jakin bezain pronto, Hernanin (Gipuzkoa) zegoen egoitza nagusirako bidea hartu zuten azken biek, zer gertatzen zen ulertu ezinik. Poliziek eraikineko sabaitik irratiko antena kendu zutenean hartu zuten susmoa, eta orduan Langileak Kudeatzeko Zerbitzuaren buru zen Tomas Arrizabalagak adierazpenak egin zituenean baieztatu zuten ustea. Egun hartako Egin-en ale bat eskuan hartu, eta ale hura azkena izango zela esan zuen Arrizabalagak. Ansok gogoan du miaketa egiten ari ziren bitartean polizietako bat nola atera zen, kaxa bat besapean zuela, eskuarekin irabazlearen keinua eginez.

eg14
Argazkia: Jon Urbe

Ezin izan zuen egoitzara hurbildu Ugarteburuk. Haurdun zegoen, zazpi hilabeteko, eta berria entzutean fisikoki gainbehera egin zuela gogoratzen du, «oso gorputzaldi txarra jarri zitzaidan». Etxean egin behar izan zion aurre haserreari, haurdunaldiak eta beste haur koskortuak bestetarako aukerarik ematen ez ziotelako. «Inpotentzia izan nuen, ezin nuelako zuzenean parte hartu».

Egin itxita, garbi zeukaten hurrengo egunean egunkaria kaleratu behar zutela, beraz antolatzen hasi ziren. «Bere kasa sortu zen guztia», dio Ansok. Talde bat aterpe bila hasi zen, propaganda batzordea ere sortu zuten, langileen egoeraz arduratu zen beste talde bat... Egunero batzen ziren Hernaniko Eziago poligonoan zegoen egoitzaren aurrean, «gu gure lantokira joaten ginen», dio Ansok. Batzarra egiten zuten, eta, bide batez, errepidea itxi.

Arazoak arazo, kalean

Bost urte beranduago Auzitegi beraren aginduz itxi zuten Euskaldunon Egunkaria-ren egoitzan topatu zuten hurrengo egunetako egunkaria osatzeko aterpea. Ez zen erraza izan Alfonso Sastrek utzitako Euskadi Información izenarekin prestatutako egunkaria inprimatzeko errotatiba topatzea ere. Goizeko ordubietan deitu zioten inprenta artisau txiki bat zeukan lagun bati. Han inprimatu eta kalean izan ziren hurrengo egunean, hiru mila ale. Ez ziren nahikoak eskariari erantzuteko, eta fotokopiak banatu zituzten hainbat herritan.

Ansok gogoan du orduko Espainiako Barne Ministro Jaime Mayor Orejak esan zuena. Egunero ale bat ateratzerik ez zutela lortuko esan zuen, eta are gutxiago Egin-en pareko egunkari bat egiterik. Baina, erabakia hartuta zegoen, eta mantxeta horrekin jarraitu zuten, harik eta 1999ko urtarrilaren 30ean Gara-ren aurreneko alea kaleratu zen arte.
Malkartsua izan zen bidea. Lantokira sartzea ezinezkoa zenez, lan tresnarik gabe zeuden. Jendeak erakutsi zuen elkartasun «atomiko» hura ezinbestekoa izan zuten aurrera egiteko. Anso eta Bustillo ondo gogoratzen dira ordenagailuak falta zituztela-eta eskaria egin zutenean ordenagailu ugari eskaini zizkiela jendeak. Lanerako toki fisikoak ere jendeak utzi zizkien.

Herrietan ere hainbat ekimen sortu ziren, «berez». Bustillo akordatzen da Urnietan (Gipuzkoa) Euskadi Información-en aleak fotokopiatu eta plazan banatzen zituztela. Zarauzko (Gipuzkoa) karta egiten zuen berriemaileak, berriz, bere ekarpena egiten zion egunkariari. Herriko berriak orri batean idatzi, fotokopiatu eta Euskadi Información-en barruan sartzen zuen astean behin. «Herriko gehigarria» zekarrela idazten zuen aleen gainean.
Egun gogorrak izan zirela gogoratzen dute: atxiloketa asko, amorrua, inpotentzia... Baina elkartasun hura ikusita, distantziatik begiratuta politak ere izan zirela diote. Sentimendu kontrajarriak izan zituzten. Baina pentsatzeko denborarik ez zegoela dio Bustillok, egin egin behar zen, eta egin egin zuten.

Hamar urteko gurutze bidea

Egunkaria itxi eta zazpi urtetara egin zuten 18/98 auziko epaiketa. Egin-en itxierarekin lotuta, Jose Luis Elkoro, Patxo Murga, Isidro Murga, Pablo Gorostiaga, Jesus Mari Zalakain, Carlos Trenor, Xabier Salutregi, Teresa Toda, Manuel Intxauspe, Xabier Alegria, Maite Mendiburu, Iñaki Zapiain, Xabi Otero eta Josean Etxeberria epaitu zituzten. Absolbitu egin zuten Mendiburu, eta bederatzi urteko zigorra jarri zioten hamaika laguni; Elkorori 22 urtekoa jarri zioten. Auzitegi Nazionalak jarritako zigorrari helegitea jarri zioten Auzitegi Gorenean, eta erabakiaren zain daude orain.
«Ikaragarrikeria» da hori, Ugartebururen irudiko. «Espainiak ez du merezi estatu demokratikoen klubean egoterik».

["Berria", 2008-7-12]

No comments: