2008-07-13

Laugarrena

Bixente Vrignon

1- Ni orduan Baionako korrespontsala nintzen. Harriduraz hartu genuen albistea, goiz osoa Hernanira deika eta deika igaro genuen. Uste genuen ordu edo egun batzuetako afera izango zela soilik. Guk, Ipar Euskal Herrian, hasiera batean itxiera informaziorik gabe bizi izan genuen, hastapenean, ezer gertatu ez balitz bezala jarraitu genuen, uste baikenuen handik pare bat egunera ``Egin'' berriz ere kalean izango zela. Orenak pasatzen ziren heinean ohartu ginen uste baino larriagoa zela.

2- Harridura berarekin pasatu ditut hamar urte hauek. Aldi oro pentsatzen duzu: «Hori egin dute, baina hori baino larriagorik ezin dute egin». Baina aldi oro gero eta gauza larriagoak egiten dituzte. Inguruan den gizartea zein gutxi mobilizatzen den ere harrigarria zait. ``Egin» eta Egin Irratiaren itxierarekin argi ikusi zen adierazpen askatasunaren aurkako erasoa zela, eta pentsatzen ahal zen, nahiz eta ezker abertzalekoa ez izan eta nahiz eta abertzalea ere ez izan, jendea mobilizatu beharko zela, askatasuna oinarrizkoa delako, eta bati eraso egiten badiote, zure askatasunen kontra ere egin dezaketela pentsa dezakezu. Baina hori ez zen gertatu. Eta gaur egun ere ez da gertatzen. Ipar Euskal Herriko militante batzuen kontu korronteak blokeatu dituzte orain gutxi, eta horrela pasatzen da, inork deus esan gabe. Gizartea gero eta gutxiago mobilizatzen da, eta askatasun murrizketak gero eta handiagoak dira.

["Gara", 2008-7-12]


No comments: