2008-07-14

Hamar urte eta gero, Egin Irratia berriro piztu da oroimenerako



eg26
Argazkia: Jon Urbe

'Egin' egunkaria eta irratiaren hetsiera salatzeko ekitaldia egin dute Hernanin lankide ohien lekukotzan oinarrituz

Asteartean beteko dira hamar urte Espainiako Poliziak itxi zituenetik



Bi orduz izan baldin bada ere, Egin Irratiak bere mezua berriz plazaratu ahal izan du irratia eta egunkaria hetsi zituzten hamargarren urtemugan. Ahotsa eta oroimena hitzak izan dira horren kari esatari eta kolaboratzaile lanetan aritu direnen ahoetan behin eta berriz aditu diren hitzak. 1977an Egin sortu zenetik gaur arteko historia aipatzerakoan emozioa zen nagusi entzuleen artean baina baita hitz egiten zutenen artean ere

Xan Harriague | Hernani

Hamar urte pasa dira, 1998ko uztailaren 18an Espainiako Poliziak Egin egunkaria eta irratia hetsi zituenetik Baltazar Garzon epailearen aginduz. Urteurrena gogorarazteko garaiko langileek irrati saioa antolatu zuten atzo arratsaldean Hernaniko kiroldegian. Ordu batzuetarako estudio bihurtu dute, mikrofono, mahai eta gonbitatuen txokoa. Atzean, komunikabidearen egoera irudikatzeko Egin hitza kateen artean agertzen da eta aurrean berriz, kartzelan jarraitzen duten lankide edo adminitrazio batzordeko kideen argazkiak. Horiei begira berriz, 600 bat lagun, Eginen entzule edo irakurle ohiak, adin guztietako jendea, baita komunikabidea ezagutzeko aukera izan ez zutenak ere.

Arratseko zazpiak eta laurden dira airean dioen argi gorria piztu denean. Itziar Arteagak eta Xalbador Garmendiak ikusentzuleak agurtu dituzte, eta berehala lanari ekin diote eguneko berriekin. Nagusia «Egin irratia hetsi zutenetik 10 urte pasa dira». Irrati saio batean ezohikoa bada ere, bi bideorekin hasi dira gertatutakoa burura ekartzeko. Lehenean Hernanin zuten egoitzan sartu ziren eguneko irudiak eman dituzte, eta bigarrenean, oraindik kartzelan dauden lagunen lekukotzak. Pablo Gorostiaga, Carlos Trenor, Jexuxmari Zalakain eta Teresa Todak bat egin dute. Egun hartan «adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat baino gehiago izan zen. Gizartearen zati handi baten ahotsa hetsi nahi izan dute». Isidro Murgak eta Xabier Alegriak berriz, hasierako konpromisuari eutsi diote. «Haien helburuak ez dituzte Lortuko».

Musika, kantua eta bertsoa ere tartea izan dute Joseba Tapia, Andoni Tolosa Morau , Xabier Amuriza eta Jon Maiaren eskutik. Hainbat hitzartzeren artean, gogoetarako, eta oroimenerako astia eman dute. Bertsotan, Amurizak duela 40 urte kartzelan idatzitako bertsoa kantatu ditu urteak pasa badira ere garaikidea iruditzen zaiolako.

Saio guzian, langile ohiek hartu dute hitza. Mertxe Aizpurua eta Rafa Castellano oroitarazi dute Egin «ezberdina» zela. «Ahotsik ez zutenen ahotsa ginen. Bakarrak ginen tortura errepresioa eta salaketak aipatzen genituenak. Amparo Lasherasek berriz frankismoa aipatu du. «Metodo berdinak erabiltzen dituzte, demokraziaren ikur izan beharko luketen egunkarien hesteko. Baina liberalez jantzita direlako orain 1930eko hamarkadan faxistak zirenak gaur egun ez dira».

Koldo Alduntzin eta Marian Beitialarrangotia esatari ohiek garai gogorrak izan baziren ere, ikasten lagundu ziela nabarmendu dute. Alduntzinek kolpeak hartzen ikasi omen zuen, baina elkarlanean aritzen ere. Eskermentua alde hartuta euskal komunikabide gehiago sortzera animatu du. Beitialarrangoitiak ere bide beretik jo du hitz hartzean. Langileen baloreak aipatu ditu lan baldintza txarrak zirelako, baina bat egin du Alduntzirekin erranez momentu latzetan elkar laguntzen ikasi dutela, egokia iruditzen zitzaiolako.

Teresa Toda preso dago, baina gutuna idatzi zuen. Salutregi kanpoan ikusteaz pozten da, baina kontuz ibiltzeko abisatu du. «Espainiako Auzitegi Nazionalaren jarrera ez da aldatu eta egun batetik bertzera etor daiteke erasoa».

Aitzinera joan ahala irrati saioa gora egin zuen emozioan orduan hitz egin baitzuten Alfonso Sastre Egin-eko kolaboratzaileak eta kartzelan egondako Jose Luis Elkorok eta Xabier Salutregik. Sastrek langileen kuraia eta zilegitasuna aipatu ditu. Elkorok berriz txori baten historia, «txoria hil zuten baina oihana bizirik dago herrian ongi errotuta». Salutregi azkena izan da hitza hartzen. Ez daki zer erran. «Ez dakit zer egiten duen hemen bertzeak han daudelarik. Errudun sentitzen naiz eta nirekin nahi ditut». Bukaeran kartzelan direnentzat besakarkada bana igorri die baita geroztik hil direnei ere. «Ez ditugu ahanzten hil zituzten Xabier Galdeano eta Josu Muguruza».

["Berria", 2008-7-13]

No comments: