2008-07-23

Egunkari, umore eta ilusio banatzailea



Fromistan jaio zen, eta 18 urterekin etorri zen Tolosara bizitzera Lorenzo Rojo; euskal prentsa banatzeaz arduratu da 30 urtean: 'Egin', 'Egunkaria', 'Berria' eta 'Gara'; urte hauetan guztietan gertatu izan zaizkion hainbat pasadizo kontatu ditu, umoretsu



Idoia Etxeberria | Berria


Hor dator, bere irribarrearekin eta betaurrekoekin. Martin Ugalde kultur parkera. Alkandora koadroduna, panazko galtza argiak. Ez lanerako jantzita, baina bai behar denerako prest. Betiko legez. Aldamenean duen likidanbarrari hostoak erori ahala kontatu ditu abenturak. Haize zurrunbiloa balitz bezala. Ahots burrunbatsuz. Eta ez dira kontu gutxi. Lorenzo Rojo euskal prentsa banatzeaz arduratu delako 30 urtean. Tarte horretan bi egunkari itxi dituztelako. Egunkariez gainera, umorea eta ilusioa banatzen ere trebea delako.

Umetatik maite ditu autoak eta txofertza. «Eta txikitatik gustatu izan zait guardia zibilak izorratzea ere!», dio barrez. «Behin, 14 urterekin, merienda lapurtu genien». Fromista herrian gertatu zen hori, Palentzian. Bertakoa baita. Osaba-izebekin etorri zen Euskal Herrira, lanera, 17-18 urterekin. Eta baita abertzaletu ere. Franco bizirik zen artean. Seat etxearen tailer batean hasi zen lanean. Gero Ainhoa Artetaren aitaren txoferra izan zen.

Argazkia: Juan Carlos Ruiz|Argazki Press

Ezkondu zenean, Tolosatik Anoetara joan zen bizitzera. «Salbador Garmendia ezagutu nuen han, eta orduantxe hasi zen Egin sortzeko mugimendua. Eta gure familian betidanik ezkertiarrak izan garenez...». Ez zuen birritan pentsatu. Garraio lanak egiteko eskaini zuen bere burua. «Hori bai, ni inoiz ez ninduten autonomo gisa ikusi; ni lagun koadrilako beste bat nintzen! Denetik egin dut Egin-en, artikuluak sinatu izan ezik. Behar zena!». Oso oroitzapen onak ditu. «Kazetari zein banatzaile, denok batuta geunden, ilusioz; egunkaria ateratzea zen garrantzitsuena. Oso ondo pasatu genuen. Eta oso gaizki ere bai: diruz justu-justuan ibili gara beti, militantzia zelako gurea. Baina ez naiz damutzen! Harro nago. Gustura hilko nintzateke egunkari hura berriz kalean ikusiko banu! Batzuei muturrean emateagatik bakarrik!».

Gorriak ikusitakoa da Rojo. Makina bat bider geratu dute bide bazterrean, goizeko ordu txikietan. «Beste edonori bezala hitz egiten nien guardia zibilei. Egunero kontrola, galderak... beldurra galduz zoaz! 'Eta zuk, Palentziakoa izanik, zergatik egiten duzu lan egunkari horretan?'. 'Ba zuk Guardia Zibil sartzea erabaki duzun arrazoi berarengatik!'. Bolada batean gauero geratzen zuten, «eta eztanda egin nuen: 'Aski da! Tiro bat bota edo eraman epailearengana! Lau seme-alaba ditut, eta egunero goizeko ordu bietan jaikitzen banaiz, haiei jaten emateko da, ez zuek nire kontura barre egiteko!». Handik aurrera lasaiago ibili zen.

«Jazarpena handia izan da, baina ez naiz isildu!». Behin, lanean jarri zituen guardia zibilak. «Furgoneta irauli zitzaidan, Irurtzunen, elurrarengatik. Eta Guardia Zibila etorri zen: 'Zer, esku bat bota behar da?'. Eta nik: 'Bat ez, biak! Egunkariak iritsi egin behar dira'. Egunkariak errepidera ateratzen hasi ziren. Haiek ere barrez: 'Egin-ekoari laguntzen...'. Garabiari deitu, eta iritsi ziren egunkariak». Egun bakar batean ere ez du huts egin. «Beti heldu naiz Iruñera. Burugogorra naiz!». Lekunberrin astoa harrapatu zuenean ere bai: «Behe lainoa zegoen, eta errepidera irten zen. Esan zidaten: 'Ez dakigu nor den astoagoa, animalia edo zu!'».

Egunkaria sortzean, Egin-ekin batera hura banatzen hasi ziren. Egin itxi arte. «Egin, Egunkaria... Dena ixten digute, zeruko ateak ere bai ia-ia!». Iazko abuztura arte, erretiroa hartu zuen arte, Gara eta Berria banatzen zituen.

«Ez naiz aspertzen!»

Ez zaio batere kostatu gauez lo egitea; «irrikan nago elurra egiteko, leihotik begiratu, eta goxo-goxo ohean sartzeko!». Andoaindik Palentziara joan-etorrian dabil. «Euskalduna sentitzen naiz, baina jaioterria ere gustuko dut». Arratsaldero bodegan du hitzordua lagunekin, ardo pixka bat edan eta sabela berdintzeko. Baikorra, ausarta eta geldigorra, halakoxea da Rojo. Doan tokira doala, lagunen bat aurkituko du beti.

Bizitzako uneak

1946. Fromistan jasio zen (Palentzia, Espainia).

1964. Tolosara etorri zen.

1973. Aita izan zen lehen aldiz.

1979. Egin sortu eta banaketaz arduratu zen. Ordutik, Egunkaria, Gara, Berria...

1982. «Nik eman nion Kirolegin trofeoa Urkiagari. Txoferrak. Hori ez da munduko beste egunkari batean gertatuko».

["Tolosaldeko Hitza"]

No comments: