2008-07-13

«Antzeko ekimen gehiago egiteko pertsiana ireki zuten 'Egin' itxita»



Argazkia: Andoni Canellada

Xabier Salutregi 'Egin'-eko zuzendaria

Espainiako Auzitegi Gorenak erabakia hartu arte aske dago 'Egin'-eko zuzendaria. Ez du ahazten beste batzuk preso daudela.

Oihana Elduaien Donostia

Egin-eko zuzendari gisa egindako lanagatik «talde terrorista kide» izatea egotzita, 12 urteko espetxe zigorra jarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak Xabier Salutregiri. Bermearekin atera da libre, Auzitegi Gorenak behin betiko erabakia hartu bitartean. Egin itxi zutenean bizitzako ateak itxi zitzaizkiola dio, eta kalte horrek ez daukala atzera bueltarik.

Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek pertsiana operazioa deiturikoarekin egunkaria itxi zuen arte Egin-ek egiten zuen kazetaritza ereduak «moldatu beharra» ekarri zien gainerako egunkariei, haren ustez: «Adierazpen askatasuna normaltzen lagundu zuen, baina gero, gertatu zena gertatu zen».

Zer moduz zaude espetxetik atera berritan?

Oraindik apur bat nahastuta nago. Espetxetik irtetea gogorra da. Gainera, ez nuen inondik ere espero. Irten naiz, baina oraindik nire zati bat barruan dago, han aurkitutakoak bertan utzi bainituen. Gainera, zitala da orain nagoen egoera hau. Apur bat errudun sentitzen naiz, nahiz eta ez dudan zertan horrela sentitu. Baina galdera egiten diot neure buruari, zergatik nago ni kalean eta beste batzuk ez? Beraz, alde horretatik gaizki nago. Baina hau zoragarria da. Familiarekin nago, lagunekin... Barrutik hausten zaituzten ongietorriak egiten dizkizute... Oraindik laino batean nago, bigun-bigun eginda.

Eta espetxean, zer moduz?

Gaizki. Ez dizut gezurrik esango. Espetxean ez dago ongi inor, ezta espetxeko zuzendaria bera ere. Nire lagun batek esaten duen bezala, espetxean edo lasai edo gaizki zaude. Batzuetan gaizki zaude, eta besteetan lasai. Egonkortasuna lortzen duzu hortik pasatu direnek erakusten dizuten metodologia jarrita. Autokontrola, autodiziplina... Irakurri, idatzi, ikasi, ahal duzunarekin edozertaz eztabaidatu edo hitz egin...

Egin-en itxiera gogora ekartzeko Hernanin gaur egingo den ekitaldian izango zara?

Bai.

Zer izan nahi du ekitaldi horrek?

Esaten dute euskaldunok herri arraroa garela, porrotak gogora ekartzen ditugulako. Baina ondo egiten dugu. Garaipenak ospatzen hasten bagara, harrokeria handia hartzen dugu, eta gu ez gara harroak. Porrotak gogora ekarri behar ditugu, ez dezagun gertatua ahaztu. Horrela hobe joango zaigu aurrerantzean.

Hamar urte pasatu direnean, nola ikusten duzu Egin-en itxiera?

Egin itxi zutenean, guztia han bukatzen zela uste genuen, baina ez zen horrela izan. Epaileak «pertsiana operazioa» deitu zion hartan pertsiana ez zen itxi: ireki egin zen, gaur arte antzeko ekimen gehiago egin zitezen. Pertsiana irekitzea izan zen, irekitze gogor eta txarra. Orduan egiten genituen aldarrikapenak askatasunean egiten genituela uste genuen, baina askatasun hura ez zen hainbestekoa. Inozo samarrak ginen.

Itxierarekin zuten helburua lortu al zuten?

Kazetaritza erabat otzantzea lortu nahi zuten. Beraiek diote ez zietela ideologiei jazartzen, delitu zehatzei jazartzen zietela. Baina Egin ixteko asmoa ez zen Garzonen eskutik etorri. Suarezen gobernutik zetorren nahia, orduan ere gure egunkaria ixteaz hitz egiten zen. Eta orain ikusi dugu, ez dela soilik egunkari bat itxi: bi egunkari, irrati bat eta aldizkari bat itxi dira.

Diozun bezala, Ardi Beltza eta Egunkaria ere itxi zituzten. Komunikabideen kontrako erasoaldia amaitu dela uste duzu?

Oraindik alarma pizteko moduko gauzak entzuten ari gara. Egoerak beldurra ematen dit. Apustu politiko sendoak dira, eta segurtasuna zein ideologia argudiatuta, gure segurtasunaren kalterako eta inoren ideologiaren onerako ez diren neurriak hartzen ari dira. Horrek beldurra ematen du. Hemen gertatzen ari dena Europan ez dute ikusi oraindik, baina ikusten duten egunean ez dakit zer esango duten...

Espetxera eraman zintuzten, libre utzi, epaitu, berriz kartzelatu eta orain berriz libre. Hori guztia nola bizi izan duzu?

Bihotza oraindik ondo daukat behintzat! Nik neuk gaizki bizi izan dut. Ez da egoera normala, hamar urte daramatzat kontu honetan sartuta, eta ez zait gaia ostertzetik kentzen. Lehenengo aldiz espetxetik atera nintzenean beldurgarria izan zen niretzat, hau baino askoz gogorragoa. Nire bizia praktikoki galduta nuela ikusi nuen. Bakarrik nengoen, lanik gabe, espektatibarik gabe... gaizki pasatu nuen. Gero, berriz espetxeratzea... espetxera joango nintzela seguru zeuden bakarrenetakoa nintzen. Noraino iritsi ziren ikusita, seguru nengoen harago joango zirela. Epaiketa ere ikustekoa izan zen. 16 hilabete joan eta etorri. Han denetik ikusi dut, nola jendea erotzen zen, nola laguntzen genion elkarri altxatzen... Bizi esperientzia beldurgarria izan zen, eta aldi berean humanoki aberasgarria, baina oso gogorra. Batzuetan oso mikatza, eta beste batzuetan umorezkoa! Egoera horretan gelditzen zaigun bakarra umorea baita.

Atxilotu egin zintuzteten gero.

Ihes egiteko arrisku ikaragarria zegoenez, atxilotu egin gintuzten, bai. Ia hamar urte geunden espetxera eramateko itxoiten, pentsa nolako arriskua! Kartzelara eraman eta pare bat egunetara jakin genuen epaia, eta hura bai, hura oso gogorra izan zen. Ez genituen halako zigorrak espero. Gainbehera etorri zen jendea ikusi nuen, beste modu batera begiratzen zuena... oso gaizki, oso gaizki. Abokatuekin gertatu zenak ere kalte egin zidan niri. Ikaragarrizko ahalegina egin zuten gu defendatzeko, eta ez zuten ezer ere lortu. Epaiketan egon izan ez balira bezala izan zen. Ez beraiek eta ez gu egon ez bagina bezala. Epaia irakurtzen duzu, eta ez da jasotzen abokatuek esandakoetatik ezer, eta ezta gure deklarazioak ere. Fiskalaren txostena besterik ez dago jasota, eta hura polizia txostena besterik ez da.

Orain Auzitegi Gorenak erabaki behar du. Zer itxaropen duzue?

Nik miloi bat [pezeta] jarri dut, eta oporrak dauzkat.

Itxaropen onik ez duzu, beraz?

Nola edukiko dut! Sumario batean sartuta dagoenak ondo baino hobeto daki bere bizia beste pertsona batzuen eskuetan dagoela.

["Berria", 2008-7-12]

No comments: