2008-07-01

U12: Adierazpen askatasunaren aldeko ekitaldia Hernanin

Argazkia: Paki Kamino Aizpurua


EGIN eta EGIN Irratia itxi zituzteneko 10. urtemuga dela-eta, uztailaren 12an adierazpen askatasunaren aldeko ekitaldi bat izango da Hernaniko frontoian, arratsaldeko 7etan.

Ekitaldi horren berri zehatza eman du gaur, Donostiako Koldo Mitxelenan eginiko prentsaurrekoan, egunkariko eta irratiko langile eta kolaboratzaile ohi talde zabal batek.

Bozeramailearenak Jon Maiak egin ditu. Itxitako komunikabideen ibilbidea bere esperientzia propiotik oso modu hunkigarrian gogoratu eta zera ondorioztatu du: bidegabekeria hura, adierazpen askatasunaren kontrako eraso ez ezik, askatasunaren beraren adierazpenaren kontrako eraso ere izan zen. Komunikabide haien zuzendari edo eragile izateagatik gaur egun preso daudenak ere espresuki gogoan izan ditu Maiak.

Ixiar Arteagak, berriz, ekitaldiaren berri eman du. Arestian esan bezala, uztailaren 12an izango da, Hernaniko frontoi estalian, eta bertan Xabier Amuriza, Alfonso Sastre, Joseba Tapia, Andoni Tolosa Morau, Esne Beltza, Rafael Castellano, Metxe Aizpurua eta beste hainbat arituko dira.

No comments: