2008-07-17

«Egin»-eko langileek itxiera auto karabana eginez oroitarazi dute


'Euskaldunon Egunkaria'-ko langile ohiekin batera, adierazpen askatasunaren aldarria egin dute kazeta itxi zuteneko urtemugan


Egunkariaren itxiera Aznarrek hartutako erabaki politikoa izan zela berretsi dute


Xan Harriague | Hernani

Atzo hamar urte bete ziren Egin irratia eta egunkaria hetsi zituenetik Espainiako Poliziak. Horren kari, Egin eta Euskaldunon Egunkaria-ko langile ohiek auto karabana egin zuten Andoaingo Martin Ugalde Parketik, Hernaniko Eziago industrialdera. 40 bat autok egin zuten Euskaldunon Egunkaria-ren egoitza eta Egin-ena lotzen dituen ibilbidea.

1998ko uztailaren 15ean hasi zen Egin-en aurkako polizia operazioa. 05:00 aldera, ehunka polizia sartu ziren Hernaniko egoitza nagusira tokia miatzeko eta hesteko, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Operazio horri lotuta administrazio batzordeko 11 lagun atxilotu zituzten.

Egun horretan gertatu zena oroitarazteko eta salatzeko, atzo 11:00 aldera, 50 bat lagun atera ziren Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parketik Hernani aldera. Denek autoan itsatsita zeramaten adierazpen askatasuna irudikatzen duen ikurra, ahoa marratua daukan aurpegia. Bi herrien artean dauden sei kilometroak abiadura motelean egin zituzten, Urnieta eta Hernaniko alde zaharretan txirrinari eraginez.

Oraindik hetsita jarraitzen duen Egin-eko egoitzara iristean, langile ohiek «Egin 10 urte» idatzi zuten atarian dagoen burnizko hesian. Ondotik, hurbildu ziren gehienek autoan zeramaten adierazpen askatasunaren aldeko ikurrak ondoan paratu zituzten. Egin zein Euskaldunon Egunkaria-ko langile ohien izenean Ixiar Arteagak Egin Irratia kazetari ohiak irakurri zuen elkarren artean onartutako idatzia.

Eziago2

Argazkia: Paki Kamino Aizpurua

Europaren historia garaikidean adierazpen askatasunaren kontrako egun seinalatutzat jo du 1998ko uztailaren 15eko egun hura. Baina Garzonen aginduz hetsi bazuten ere, zalantza izpirik ez dauka «erabaki politikoa» izan zela. Horren frogatzeko egun batzuetara Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiak izandako hitzak gogora ekartzea baizik ez du egin. «Agian ez ginela ausartuko uste zuten».

Hetsiera baino lehen, momentu «latzak» izan zituztela ohartarazi du, baina manu militari etorri zirenean ez omen zuten deus egin ahal izan. «21 urtez, ahotsik gabekoen ahotsa isilarazteko hamaika saio egin zituzten. Herritarren babesari esker, ordea, saio horien guztien gainetik salto egin zuten Egin eta Egin Irratiak. Harik eta Espainiako Gobernua 'ausartu' zen arte».

Ordura arte egindako ibilbidearekin pozik agertu da «oparoa» izan delako. «Egin-ek Euskal Herriko komunikabideen mundua arnasberritu zuen», haren erranetan. Ordura arte ezkutuan ziren hainbat errealitate agerian utzi zituela uste du, eta zeharka bada ere, gaineratiko komunikabideak horien aipatzea behartu. «Frankismoaren babesean gizendutako komunikabideek ere, gai horiek nola edo hala azaltzera behartu zituzten Egin egunkariak eta irratiak».

Hasiera baizik ez

Hamargarren urteurrenean, Egin-en hetsiera salatu duten bezala, gauza bera egin dute ondotik Auzitegi Nazionalak hetsiko zituen komunikabideekin, Ardi Beltza-rekin eta Euskaldunon Egunkaria-rekin. «Bere ausardiaz harro, nonbait, bide beretik jarraitzea erabaki zuen Aznarrek».

Epaiaren zain dauden Euskaldunon Egunkaria-ko auzipetuei elkartasuna adierazi die Arteagak, baina argi utzi du ebazpenari begira ezkorra dela «Egin eta Egin Irratiaren inputatuak gogor zigortu dituzte sasi-epaiketa luze baten ondoren, eta gauzak nola joan diren ikusita, ezin da ezer onik espero». Eredu gisa, tortura salaketak aipatu ditu. «Ez diete ezta kasurik egin ere». Hamar urte geroago kartzelan oraindik kartzelan daude lagunak ere ez ditu ahantzi, eta guztiei elkartasuna adierazi die.

Azken hitzak adierazpen askatasunaren alde izan dira, ahots guztientzat izan dadila eskatuz. Langile ohiek uste baitute gaur egun adierazpen askatasuna esaten diotenak ez duela balio iritzi guztiak plazaratzeko. «Botereak entzun nahi duena esateko hainbati aitortzen dioten adierazpen askatasuna ez da adierazpen askatasuna».

Hamar urteren buruan, ondorioek bere hartan dirautela gogorarazi du Aizpuruak

Mertxe Aizpurua Egin-eko langile ohiak beharrezkoa ikusten du horrelako egunak gogoraraztea. «Hamar urte pasatu dira, baina ondorioek bere hartan diraute; batzuk kartzelan daude, eta bertze batzuei Egin-eko zorra ordainarazi nahi diete». Ikuspegi zabalago batetik begiratuta ere, uste du ezin dela geldirik egon. «Egoera ez da aldatu, eta lanean jarraitu behar dugu Egin-ekin gertatu zena ez ahanzteko, baita Euskal Herria eraikitzeko ere. Egin hestea ez baitzen komunikabide baten aurkako eraso bat, baizik eta Euskal Herriaren aurkako bat».

Are beharrezkoak ikusten ditu oroitzeko ekimenak, gizartea aldatzen ari dela uste baitu. «Egunkari bat hestea onartezina da gizartean, baina geroztik bertze batzuk ere hetsi dituzte; tartean, Ardi Beltza eta Euskaldunon Egunkaria, eta batzuetan badirudi normaltzat jotzen dela. Berez, oso larria da demokrazia batean egunkari bat hestea; baina manipulazioa dela eta, Euskal Herrian badirudi ez dela horrela».

["Berria", 2008-7-16]

No comments: